es | eu

2019KO UZTAILAK 19 / ABUZTUAK 3

Bihar hasiko da Erriberriko Antzerki Jaialdia, eta jada agortu dira La Cavako lehenengo ikuskizunerako sarrerak

2018ko uztailaren 19, osteguna

XIX. edizioa 20:00etan hasiko da Errege Jauregian, José Padillaren "Gris/Mar" ikuskizunarekin.

Erriberriko XIX. Antzerki Jaialdia bihar, uztailaren 20an, ostiralarekin, hasiko da, eta jada agortu dira sarrerak La Cavako agertokian 22:00etan egingo den lehenengo ikuskizunerako: Ramón María del Valle-Inclánen “Luces de Bohemia”, Alfonso Zurroren zuzendaritzapean eta Sevillako Antzerki Klasikoaren ekoizpenarekin.

Gaur goizean, jaialdia aurkeztu dute Erriberriko alkate Andoni Lacarrak, Nafarroako Gobernuko Kulturako zuzendari nagusi Dori López Juríok, Jaialdiko zuzendari artistiko Luis Jiménezek eta Jaialdian parte hartzen duten konpainia nafarren ordezkaritza batek, bai eta lehiaketarekin lankidetzan aritzen diren tokiko zenbait kolektibok ere.

Jaialdia bihar hasiko da, 20:00etan, Errege Jauregian, José Padillaren “Gris/Mar” ikuskizunarekin. Obra hori Ion Iráizozek eta Mikele Urrozek zuzentzen dute, “On Kixote”-ko Marcela artzainaren pertsonaian oinarrituta. Eta “Luces de Bohemia” antzeztu ondoren, lehenengo eguna amaitzeko, 00:00etan, Erriberriko Carlos III.a plazan, “Bandada de amores en rock y versos” kontzertua izango da. En Rumbo Teatro - Producciones Artísticas konpainiaren ekoizpen bat da (ahotsa: Marian Ruiz, “Bandada”; koruak: Selva Baron; gitarra elektrikoa eta akustikoa: Dani Varela; gitarra espainiarra: César Sánchez; baxua: Dani Lafuente; eta bateria: Beñat Artze).

Bigarren egunean, “Poética Teatral” zikloaren barruan hautatutako Nafarroako bi proposamen izango dira: “La trovaritz Beatriz de Día”, Montse Zabalzaren zuzendaritzapean, 20:00etan eta 21:00etan, Errege Jauregian; eta “Tres tristes tigresas”, Atikus Teatroren ekoizpena, Ángel Sagüés eta Asun Abaden zuzendaritzapean, 20:30ean, Errege Jauregian. Horrez gain, larunbatean, atzerriko konpainiak izango dira jaialdian. Los Colochos mexikarrek “Mendoza” aurkeztuko dute La Cavan, 22:00etan. Obra hori Shakespeareren “Macbeth”-en egokitzapen bat da, Antonio Zúñiga eta Juan Carrilloren eskutik, Juan Carrilloren zuzendaritzapean. Horien ondoren, 00:15etatik aurrera, Carlos III.a plazan, Frantziako Bilaka eta Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak “Negua” antzeztuko dute, Mathieu Vivier-en koreografiarekin.

Igandean, berriro emango da “Gris/Mar”, 20:00etan, Erriberriko Errege Jauregian. 22:00etan, La Cavan, “La fiesta del viejo” emango da, Argentinako Índigo Producciones konpainiaren obra, William Shakespeareren “Rey Lear”-en oinarritua, Fernando Ferrerren dramaturgia eta zuzendaritzarekin.

Hurrengo astean, interpretazio-eskola gonbidatuen txanda izango da, eta 20:00etan emango dituzte beren obrak estreinakoz Tafallako Kulturgunean. Astelehenean, Nafarroako Antzerki Eskola (NAE) hasiko da, “Eché mi corazón a freír en la sartén” obrarekin; asteartean, “Así que pasen cinco años”, Sevillako ESADena; eta, asteazkenean, “La vida es sueño”, Bordele-Akitaniako Antzerki Goi Eskolarena. Horrez gain, asteartean, Candelita clownaren irteerak hasiko dira, 10:00etan eta 19:00etan, Erriberriko Carlos III.a plazan. Eta asteartean, halaber, Madrilgo Gazte Abesbatza jardungo da, 22:00etan, La Cavan, Juan Pablo de Juanen zuzendaritzapean.

Horizonte berrietara irekitako programazioa

Erriberriko Antzerki Jaialdia Kulturako Zuzendaritza Nagusiak eta Baluarte Fundazioak antolatzen dute, eta XIX. edizioa abuztuaren 4ra arte izango da. Programazioa horizonte berrietara irekita egongo da: antzerki klasikoan dago inspiratuta, garai eta joera eszeniko guztietara zabaldu da, eta Europako eta Latinoamerikako egileak eta taldeak izango dira bertan.

Jarduera paraleloak

Jaialdiaren lehenengo egun hauetan, programatutako jarduera paraleloak hasiko dira. Hala, ostiral honetan, Nafarroako In Extremis konpainiak lan-egonaldiari ekingo dio “La prueba” proiektuarekin, abuztuaren 5era arte, Erriberriko Ikastetxe Publikoko erabilera anitzeko gelan.

Sarreren salmenta

XIX. edizioko ikuskizunetarako sarrerek salgai jarraitzen dute, www.oliteteatrofestival.com eta www.baluarte.com webguneen bidez. Baluarteko txarteldegian ere eros daitezke, abuztuaren 3ra arte, 11:00etatik 14:00etara, astelehenetik larunbatera.

Erriberrin, Turismo Bulegoan-Ardoaren Museoan (Plaza de los Teobaldos 4) eros daitezke sarrerak. Ordutegi honetan egongo da irekita: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Gainera, La Cavan funtzioa dagoen egunetan ere har daitezke sarrerak, 19:00etatik ikuskizuna hasten den arte.

Interpretazio-eskolen zikloko ikuskizunetarako sarrerak Tafallako Kulturgunean eta Interneten bakarrik saltzen dira, guztiak 6 €-tan. 

Prezioa desberdina da obren arabera (La Cavako ikuskizunak edo Armen Patiokoak), eta egunaren arabera (ostirala eta larunbata, edo igandetik ostegunera). Jaialdiak zenbait motatako abonuak ere eskaintzen ditu.

Bihar hasiko da Erriberriko Antzerki Jaialdia, eta jada agortu dira La Cavako lehenengo ikuskizunerako sarrerak

Zerrendara itzuli

Bilatzailea

ANTOLATZAILEAK

Nafarroako Gobernua
Cultura - Kultura
fundacion_baluarte

LAGUNTZAILEAK

Erriberriko Udala
Tafallako Udala