es | eu

2020KO UZTAILAK 17 / ABUZTUAK 2

Aurkezpena

21. Erriberriko Antzerki Jaialdia

Espainiako poesiatik Europako antzerki garaikidera.

Arnasa hartu, barre egin eta amets egin. Antzerkia arnasa da, barrea da eta amets egiteko aukera ematen digu; nahikoa dira espazio huts bat, aktore bat eta ikusle bat antzerki ekitaldi bat egiteko, hirurek bestearen presentziaren eta energiaren beharra dute.

Erriberri Antzerki Jaialditik, gizarteak Kultura beharrezkotzat eta zerbitzu publikotzat har dezan lagundu nahi nuke, ez denborapasa soil gisa. Gabriel Celayaren bertsoetan bezala, "Eguneroko ogia bezain beharrezko poesia", "Hondoa jotzen ari gara".

Kulturan pentsatu behar dugu, Osasunean eta Hezkuntzan pentsatzen den bezala. Osasungintzak gorputzaren gaitzak zaintzen badaizkigu eta hezkuntzak intelektualki hazten laguntzen badigu, Kulturak arima osatzen eta espiritua sendatzen ditu.

Kulturan, beharrezkoa da premiazko hausnarketa sakon bat.

Jausi zaigunaren eta bizitzen ari garenaren ondoren ezin gara normaltasunera itzuli, edo gutxienez geure buruari galdetu behar diogu: nolako normaltasunera itzuli nahi dugu?

Antzezpenean gure dohainak eta miseriak erakusten dizkiguna da benetako Antzerkia. Ez da denborapasa, gozamena da, bizitzaz aritzen da eta, Peter Brookek dioen bezala, "bizitza da".

Jendarte bat zalantzatik abiatuta baino ezin da hazi; zalantzak erantzunen bila garamatza; Antzerkia, berez, erantzun bat da, gure burua mozorrorik gabe ikusten laguntzen digun ispilua izateagatik.

Zentzu horretan, jendartean hazten lagunduko gaituen katarsia da eta hala behar du.

Antzerki-bidaia honetan, dagoeneko ez daudenak gogoratuko ditugu, lasaitasunaren bila eta gure zentzumenen gozamenerako, Mielotxinen doinuekin eta euskal sustraiekin irekiko dugu jaialdia, Lope de Vegaren, San Juan de la Cruzen, Tirso de Molinaren eta abarren bertsoak entzungo ditugu Raúl Losánezen Esta divina prisión antzezlanean.

Bidaiatuko gara, gure klasikoetatik abiatuta –Teatro Clásico de Sevilla konpainiaren La estrella de Sevilla; Las danzas y entremeses de Juan Rana, Ron Laláren eta CNTCren elkarlana; La Celestina, Bambalina konpainiaren txotxongiloekin; eta Leamoken Lazararo (Tormesko itsumutila) inoiz baino errebeldeago eta egungo batekin– XX. mendeko Europako antzerkiko olerkigintzaren egile garaikide eta adierazgarrietara: Carmelo Gómezen konpainiaren A vueltas con Lorca, Samuel Becketen Esperando a Godot, Pentaciónen ekoizpena; Dafnis Balduzen ekoizpena den Expediente K (Carta al padre), Franz Kafkaren testuaren antzerkirako egokitzapena; eta Bertolt Brechten Madre Coraje, Atalaya konpainiak jaialdia ixteko.

Espainiar klasikoaren eta europar garaikidearen artean, Espainiako sorkuntzako emakumerik adierazgarrienetako bat, Ana Vallés, bere DAIMON y la jodida lógica, Matarileren ekoizpenarekin. Edertasunez eta poesiaz betetako antzerki performance bat aurkeztuko du, non gorputzek mugimenduarekin, hitzarekin, isiltasunarekin eta umore adimentsuarekin bat egiten duten. Sormen-lan hau Antonin Artaudek defendatzen zuen Erabateko Ikuskizunaren joeran koka daiteke.

Azken astean arnasa hartuko dugu familiendako antzerkiarekin, Vaivén konpainiaren Yo, la peor del mundo Sor Juana Inés de la Cruzen inspiratutako komedia musikalarekin eta Adriana Bilbaoren dantzarekin, bere Burdina/Hierro koreografiaren eskutik. Ikuskizun honek, migrazioaren zailtasunetatik abiatuta, flamenkoaren musikaren eta dantzaren profesionalak euskal erritmo eta musikarekin lotzen ditu. Bertan lan egiten duen Ipar Euskal Herriko Beñat Achiary musikagile eta musikaria estatutik kanpoko partehartzaile bakarra da aurtengo edizioan.

Nafarroako programazioan, Mielotxini eta Carmelo Gomezi La Caja Flotante gehitu behar zaie Max sarietarako izendatua izan zen Catástrofe sorkuntzarekin.

Edizio honetan eta La Cavan, jaialdia beste joera eszeniko batzuetara irekitzeko bi proposamen berri, Foru Erkidegokoak biak: la Banda Teatroren Kimera zirkua eta Yarlekuren La casa más pequeña haurrentzako antzerkia, publiko gazteenari eszenarekin eta jaialdiaren magiarekin topatzea errazteko.

Aurreko urteetan bezala, Testu Poetikoen Zikloa eta Laborategi Egonaldia deitu dituzte talde profesionalentzat. Nafarroan ekoizpena sustatzeko pentsatutako bi programa hauek desberdinak dira sortze prozesuetan, baina bi helburu dituzte amankomunean: bata, etorkizunean beste erakunde batzuekin koprodukzioak egiten hastea; eta bestea, Foru Erkidegoko zirkuituaren eta kultur guneetako programazioa aberastea.

Topaketa berezi bat izango dugu kultur-prentsako hiru profesionalekin: RTVEko Machús Osinaga , La Razóngo Raúl Losánez eta RNEko Daniel Galindo, udako jaialdietako gorabeherak, era lasai eta dibertigarrian kontatzeko.

Antonio Simón Rodríguez da edizio honetako zuzendari gonbidatua, Esperando a Godot lanaren zuzendaria. Aktore eta zuzendarientzako tailer bat emango du, eta publikoari eta profesionalei irekitako topaketa batean parte hartuko du, bere ibilbideaz eta aktorearen lanbideaz hitz egiteko.

Betebehar bat daukagu: Erriberriko Antzerki Jaialdia egitea Kultura zaintzeko eta, aldi berean, kulturgintza indartzeko eta babesteko.

Amaitzeko, osasun egoeragatik aurtengo edizioan programaziotik kanpo geratu diren taldeak, antzezleak, musikariak eta teknikariak ditut gogoan.

Berreskura dezagun kalea. Bete ditzagun plazak txotxongilolariz, musikariz, pailazoz, dantzaz, bufoiz eta inauterietako mozorroz. Kalean, bizitzako agertokietan, egiak datza, Munduko Antzoki Handia dago.

Luis F. Jiménez
Director Artístico 




Segurtasunez gozatzeko jaialdia

Godoten zain obran gertatzen den bezala, ziurgabetasun garaiak bizi ditugu. Baina, Samuel Becketten pertsonaia ikaragaitzak ez bezala, Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea erakundea gauzatzen dugunok berehala jarri ginen abian Erriberriko Antzerki Jaialdiaren 21. edizioa posible egiteko, inguratzen gaituzten baldintzek desberdina izango dela iragartzen dutelarik, COVID 19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz.

“Espainiako poesiatik Europako antzerki garaikidera” lelopean, proposamenen kalitateak, osasun segurtasuna bermatzeko neurriek eta Foru Erkidegoko antzerki sektoreari emandako babesak markatutako jaialdia izango da.

Bi hamarkadako ibilaldi sendoak bihurtu du Erriberri antzerkigintzaren erreferentziazko hitzorduetako bat estatuan. Aurten, bere papera are nabarmenagoa izango da abangoardia izateagatik, bai Nafarroan —Kultura Zuzendaritza Nagusiak konfinamenduaren ondoren antolatutako lehen saio presentziala bait da—, bai estatuko gainerako lurraldeetan —Espainia mailan egiten den lehen jaialdietako bat izango da, eta aurreikusitako datak mantentzen dituen bakarra—.

Eta nahiz eta bide ezezagun bat irekitzeak beti zailtasun erantsiak dakartzan, antzerkiaren festa hau ospatzeko premian biziki sinesten dugu. Mundua bizitzeko leku egokiago bat bilakatzeko kulturak duen balioa aldarrikatzeko; agertokiaren inguruan ogibidea dutenentzat laguntza bezala; jaialdiko publikoarentzat eta herritar guztientzat poztasun-, ilusio- eta itxaropen-mezu moduan.

Horretarako, diziplina anitzeko programazio bat diseinatu da, bere baitan musika, dantza edota zirkua biltzen dituena. Bertan ere espainiar klasikoak, Europako autore garaikideekin batera, berrirakurriko ditugu, nazio mailako gaur egungo konpainia hoberenetako batzuen eskutik.

Nafar antzerkiak leku garrantzitsua beteko du aurtengo edizioan, 2020koa izango bait da, Jaialdiaren historian, gure Erkidegoko proposamen gehien programatu dituena. Guztira, bederatzi konpainiek hamalau emanaldi eskainiko dituzte: bost La Cavan taularatuko dira, lau Testu Poetikoen zikloan eta beste bat egonaldia/laborategian garatuko da.

Baina hori guztia ez litzateke bideragarria izanen Nafarroako Osasun Departamentuarekin, Erriberriko Udalarekin eta Tafallako Udalarekin lankidetza estuan egindako lana gabe; izan ere, ikusleen, programatutako konpainien eta jaialdian lan egiten duen ororen osasun-segurtasuna bermatzeko protokolo bat ezarri da. Edizio ezberdina izango da, non gure ikusleak zainduko ditugun, segurtasunez gozatzeko jaialdi bat eskaintzeko.

Ignacio Apezteguía Morentin
Kultura Zuzendari nagusia - Vianako Printzea Erakundea


[deskargatu programa]

Aurkezpena

Bilatzailea

ANTOLATZAILEAK

Nafarroako Gobernua
Cultura - Kultura
fundacion_baluarte

LAGUNTZAILEAK

Erriberriko Udala
Tafallako Udala